Mª Carmen 43 urteko emakumea da. Leongo herri baten jaio zen eta 18 eta 13 urteko bi seme ditu. Aldi baterako administrari lana egiten du. Enpresa handi batean ari da, eta askotan aldatzen diote lanpostua. Gasteizen bizi da semeekin eta senarrarekin. Senarra saltzailea da eta, ondorioz, ordu asko ematen ditu etxetik kanpo.
EDIRENgo kontsultara joan baino zortzi hilabete lehenago, udako oporralditik itzulian, astebetez iraun zuten zorabioak izan zituen, baina masaje-saio batzuekin joan zitzaizkion.
Handik hiru hilabetera, ospitaleratutako ama gauez zaintzen zegoela, berriz agertu ziren zorabioak. Orduko horretan biziagoak izan ziren eta, aldi berean, ezegonkortasuna, botagura eta estutasuna sentitu zituen. Eroriko ez dela jakin arren, zorabioek asko zailtzen dute beraren jarduna, nekarazi eta baja hartzera behartu zuten. Autoa gidatzen ohituta egon arren, orain ez du halakorik egiten, erreakzio txarrik izango ote duen beldur. Halere, semeez, senarraz eta etxeaz arduratzen jarraitu du, beti horrela aritu baita, etxekoen laguntzarik ia jaso gabe. Dena txukun eta atonduta, ?ezin hobeto? edukitzea gustatzen zaio.
Etxeko sendagileak, hainbat azterketa egin ondoren, zorabioetarako tratamendua ezarri dio. Hobekuntzarik ez duenez izan, espezialistaz espezialista ibili da: otorrinoa, neurologoa, traumatologoa, errehabilitatzailea. Zerbikaletan hernia txiki bat aurkitu dioten arren, sendagileek ezin izan diote ziurtatu hori denik zorabioen arrazoia. Zorabioek bere horretan jarraitzen dute, nahiz eta hainbat tratamendu jaso (Bach loreak ere erabili ditu); Mª Carmen egunez egun txarrago dago.
Oso larri sentitzen da, egon ezinik. Etxean sartu eta behar-beharrezko erosketak egitera baino ez da kaleratzen. Negar egin nahi du, baina ezin du. Ohean dago gusturen, eta ez du laguntzarik nahi. Zera pentsatzen du: ?neuk gobernatzen dut etxean eta ondo egon behar dut!”. Pentsatzen du etxekoek bere premia izanik, ez diela erantzuten. Geroz eta etsituago dago, eta pentsatzen du inork ez diola lagunduko eta zorabioak betiko izango direla. ?Eta nik neuk sortzen baditut??, bururatzen zaio. Inoiz pentsatu du horrela bizitzekotan, hobe dela ez bizitzea. Ez du inorekin partekatu sentimendu hori, eta erru-sentsazioa eragiten dio.
Tratatzen zuten sendagileei ardura horretaz hitz egiten zienean, baten batek esan ei zion, lasaitzeko, ez larritzeko, zorabioak ez zirela larriak eta etorri ziren bezala joango zirela. Azkenean, etxeko sendagileak antidepresiboak eman zizkion. Denbora baten buruan, senideen aholkuei kasu eginez, EDIRENera etortzea erabaki du.
EDIRENen, psikiatrak ikusi du lehenik, eta depresio handia antzeman dio. Mª Carmenek azaldu du aspalditik hona garai txarra iragaten ari dela. Amari minbizia diagnostikatu ziotenean agertu ziren zorabioak, eta ama handik gutxira hil zen, 82 urte zituela, hilabete eta erdi ospitalean egon ondoren. Harrezkero, arazoak izan ditu neba-arrebekin, herentzia-kontuak direla eta. Aitagin-arreba koloneko minbizitik operatu dute, kolostomia bat dauka eta senarrak denbora asko ematen du berarekin. Duela bi urtetik hona, seme txikiak arazoak ditu eskolan, dislexia diagnostikatu diote eta Mª Carmen bera arduratu da tratamendura eramateaz. Mª Carmen gainezka sentitzen da etxeko lanekin, eta oso etsitua, senarrarengandik eta semeengandik ez duelako ia laguntzarik jasotzen.
Psikiatrak antidepresiboak eta antsiolitikoak eman dizkio, eta horretaz gain, psikoterapia indibidualeko tratamendua, astean behin, taldeko psikologo batekin. Terapia horri esker, urteetatik hona metatu duen tentsio emozionala deskargatu ahal izan du. Bera ere ez zen karga horretaz jabetzen. Tratamendua hasi eta hilabete batera zorabioak arindu egin dira eta maiztasunean asko jaitsi dira. Hiru hilabetera, zorabioak oso noizbehinka baino ez dira agertzen, medikamendua gutxitu egin da, aldartea aldatu eta sendatu egingo den konfiantza berreskuratu du.
Baina Mª Carmenek badaki aurrerantzean, osasuna guztiz berreskuratzeko, lan handia egin beharko duela bizitza berrantolatzen, eta bere buruarekiko ardurari garrantzi handiagoa ematen.