Koronabirusaren ondorioz sortutako krisian, badago kolektibo bat ahaztu izan duguna, birusaren arrisku talde berezia ez bada ere, kaltetuenetarikoa izaten ari dena, haurrak.
Zer gertatzen ari da haurtzaroarekin?non daude duela 3 asterarte eskolara, lagunekin parkera, aiton amonekin etxera…joaten ziren umeak? Zergatik ez esan, non daude etxeko lanak egiteko orduan, gurasoak gogaikatzen zituzten haurrak?
Denak dakigun moduan, haur zein nerabeak hazten ari dira, nortasuna eraikitzen, norbera deskubritzen…etorkizunean izango direnaren proiektua sortzen ari dira.Eta horregatik hain justu ere, talde hauskorra da, sentikorra edo ahula esan nahi badugu ere.
Ez gara egiten ari, baina gizarteak arreta berezia zor die gaztetxoei. Bere burua sortzen eta ezagutzen ari dira, eta hau gutxi balitz, guztion etorkizuna dira.
Umeak ingurugiro ziurrak behar dituzte, nagusia haien erreferenteak dira, zaintza eta oinarrizko konfidantza hartuko dute haiengandik; gurasoek haien gidari eta eredu izango dira, etorkizuneko pertsona aske eta osasuntsuak izan daitezen.
JA, noski! Eta hau guztia nola egiten da?
Bizitza erritmoei erreparatzen badiogu, ez da bat ere erraza formula aurkitzea: lan ordutegi nekagarriak eskolako ordutegiekin nahasten direnak, eskolaz kanpoko ekintzak, etxeko lan mugaezinak… hau guztia BAPATEAN gelditu egin da. Eta orain… ZER?
ORAIN gelditzeko momentua izan daiteke, elkarri entzun eta elkarrekin ikastea. Baina hau guztia egiteko, etxeko txikiekin , gertatzen ari den guztiaren berri eman behar diegu.
Lasaitasuna eta ziurtasuna helarazi behar zaie. Gauzak argi esan behar diegu, haien hizkuntzara egokituz, umeen hizkuntzara bihurtuz: etxean geratzeak duen garrantzia helarazi (gure burua zein besteak zaintzeko), pasako dela eta laster bueltatuko garela klasera, lagunekin egotera, parkera… zer esanik ez dago, komunikabideetatik urrun mantenduko ditugula. Gehiegizko informazioa eta alarmak izutu egingo baititu.
Egun (aste) hauetan normalean denborarik ez duguna egin dezakegu; argazkiak eta pelikulak elkarrekin ikusteko, jolasteko, elkarrekin ikasi eta dibertitzeko APROBETXATU!!
Seme alabekin hitz egitera denbora eskaini dezakegu. Entzuten diegula eta kasu egiten diogula jakiteak, autoestiman eragin positiboa izango du, bere gurasoentzat garrantzitsua dela sentiaraziko diogu, kontatzeko daukana, interesatzen zaigula jakin behar du.
Eguneroko etxeko lanetan laguntzeko momentu ezinhobea daukagu konfinamendu hau. Asperduratik irtengo dira eta joku moduan egingo dute txikienek eta aire pixkat hartzeko nagusienek (erosketak egitera nerabeak joan daitezke).
Hau guztia garrantzitsua bada ere, oso garrantzitsua izango da dituzten kezkas, kexak eta haserreak ulertzea. Aspertuta egongo dira, kalera irten nahi izango dute, arauak apurtu nahi izango dituzte. Kexatzen utzi behar diegu, arrazoia eman beharko diegu egun gogorrak pasako dituztela, inori ez zaigula gustatzen konfinamenduan egotea… Hainbeste denbora etxean egotea, lagunak ezin ikustea, nagusien aginteetara egotea denbora osoan…oso nekagarria delako!! Eskubide osoa dute amorrua sentitzeko, sentimendu hauei guztiei hitza jartzen lagunduko diegu eta horrela frustrazioa jasaten ikasiko dute, ez dira bakarrik sentituko.
Familiak eta hezkuntzako jendeak gauza polit politak egiten ari zarete haurrei aste hauek errazagoak egiteko. Umeen (eta nagusien) moldatzeko gaitasuna ikaragarria da; txikiek dantzan eta jolasean jartzen dute familia osoa, kontutxo piloa heldu zaizkigu wassapez errealitate hau umeei azaltzeko, irakasleak egunero etxeko lanak egiteko modu bitxiak ari dira bidaltzen…
Gu ere moldatu behar izan dugu gure lana eta psikoterapia online egiten ikasi dugu, eta konturatu gara bai umeak, bai nerabeak eta bai helduak ere, jarraitu dezaketeela haien arazoak, kezkak eta beldurrak lantzen.
Guztion artean egunerotasun berrira egokitzen ari gara, “normaltasun”era bueltatzen garenean, ordutegi zoroetara, ehozeri lanetara, erritmo jasanezinetara… egun hauetan ikasitako garrantzitsuena ez ahaztea espero dut, GELDITZEAK duen garrantziaz jabetuko garela espero dut.
Haizea Marijuan, psikologoa, hau-terapeuta
Utzi zure iruzkina