Inteligentzia gure buruak duen gaitasun bat da, ideiak ulertzeko, arrazoitzeko, ingurunera egokitzeko eta ikasteko aukera ematen diguna. Inteligentzia egoera edo arazo berriak konpontzeko lehendik ditugun ezagutzak erabiltzeko gaitasun gisa ulertzen dugu. Horri buruz teorizatu zuen autoreetako bat Gadner izan zen, ez zuela soilik inteligentzia konstruktu bakar bat bezala ulertzen, izan ere, inteligentzia anitzetaz hitz egiten baitzuen. Autore honen arabera, giza adimenak zortzi adimen mota ditu: adimen logikoa, linguistikoa, gorputz-adimena…
Konplexutasun intelektuala eta sakontasun emozionala
Adimen gaitasun handia duten pertsonak, inteligentzia edo adimena batez bestekoa baino garatuagoa duten pertsonak dira. Baliteke adimen horietako batzuk garatuta izatea, baina beste batzuetan gaitasun bera ez izatea, edo profil harmonikoagoa izatea, non arlo guztietan batez bestekotik gorako adimena duen. Kontuan izan behar dugu kolektibo oso heterogeneoaz ari garela, oso profil desberdinak dituztela, baina era berean ezaugarri komunak konpartitzen dituztenak, izan ere, konplexutasun intelektuala sakontasun edo konplexutasun emozionalaren eskutik doa eta.
Hau izan zen osasunari eta bizimoduari buruzko XVI.jardunaldietan hitz egin zen gaia. Bertan, gaitasun handiak ulertzeko esparru teoriko bat emateaz gain, gai honekin aurrera egiten jarraitzeko dauden erronkak ulertzeko gako batzuk eman zizkiguten hizlariek, gizarteko hainbat esparru kontuan hartuta: familiakoa, hezkuntzakoa, instituzionala, profesionala
Etiketa edo diagnostikoa
Etiketa edo diagnostikoa izan zen aipatu zen ideietako bat. Zenbait hizlarik errealitate bati izena jartzearen garrantziaz hitz egiten zuten, informazioa edukitzearen garrantziaz, marko bat edukitzeaz. Etiketa zerbait lasaigarria izan daiteke, bai haurrarentzat, bai familiarentzat, baldin eta etiketa hori ez bada erabiltzen haiek sailkatzeko edo desberdintasuna negatibotzat hartzeko. Aniztasuna, haur batzuen eta besteen arteko desberdintasuna, etengabe gertatzen da eskolan eta gizartean, oro har, eta irteera egokia ematen badiogu, benetan aberasgarria izan daiteke. Garrantzitsua da etiketa horiek tratatzen jakitea eta pertsonei buruzko informazio gehiago izateko tresna gisa ulertzea
Etiketa horiek ondo jarri ahal izateko, asko nabarmendu da detekzio on baten garrantzia. Ikastetxeetan lan bat egiten ari dira garaiz identifikatu ahal izateko, hainbat fasetako protokolo bat aplikatuz. Protokolo horretan, irakasleak, orientatzaileak eta Berritzeguneko aholkulariek hainbat proba egiten dizkiete. Atzera begiratuz gero, gai horretan aurrerapausoa eman bada ere, gaitasun handiko haurrak dituzten familia askok larritasun eta sufrimendu handiz bizi dute gai hori. Protokoloak hobetzeko beharra aldarrikatu dute, bai eta detekzio hori nola hobetu ere; izan ere, detekzio ona egiten ez denetan, haur horiek ez dute behar duten erantzuna jasotzen eta. Giza baliabiderik eza giltzarrietako bat da arazo hori ulertzeko, irakasleak eta aholkulariak nahiko gainezka baitaude.
Gaitasun Handiei buruzko estereotipo faltsuak
Era berean, asko hitz egiten da baldintza horren inguruan dauden estereotipoei buruz. Aurreiritziz betetako begirada gizarte osoan zabalduta dago pediatren, medikuen, psikologoen, psikiatren eta baita irakasleen artean ere. Zer eragin du horrek haurrengan? Identitateari dagokionez ekar dezakeen guztiaz gain, gaitasun handiak dituen pertsona bat gizarteak dituen estereotipoetan sartzen ez denean, ez dugu ikusten edo hala identifikatzen, horrek haurrentzat dakarren guztiarekin. Beharrezkoa da pentsaera aldatzea eskolan eta gizartean, errealitateak ikustaraztea eta benetan gaitasun handiak izatea zer den, aurreiritzi horiek eraitsi ahal izateko.
Mahai gainean jarri zen beste gauzetako bat prozesu horiek askotan izaten duten antsietatea edo larritasuna da. Gurasoen antsietateaz hitz egin da, erantzun akademiko egokia ematen ari ez direla ikusterakoan, edo tresnarik gabe sentitzen direnean besteak beste.
Mahai-inguruan ikusi ahal izan dugunez, gizarteko hainbat eragile ari dira gai horren alde lanean; eskola, elkarteak eta familiak, besteak beste, eta azpimarratu da garrantzitsua dela eragile horiekin guztiekin batera lan egitea, aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Zer ekarpen egin dezake Edirenek horretan guztian? Zein da gure lekua?
Emozioak lantzea
Ediren-etik ikusten dugu beharrezkoa dela heltze prozesu eta garapen emozionalean gaitasun handiko haurrei laguntzea, alderdi emozionala lantzea, potentzia eta curriculum-arloa garatzeaz harago, alderdi horri garrantzirik kendu gabe noski. Hein handi batean gaitasun handiak dituzten haurren garapen emozionala frustrazioarekiko tolerantziaren garapenarekin, identitatearen sorrerarekin, gurasoen onarpena sentitzearekin, arbuioa sentitzearekin eta abarrekin lotuta dago. Prozesu horiek edozein garapen motatan ikus ditzakegu, zenbait berezitasun dituztela kontuan hartuta. Beharrezkoa ikusten dugu haiei laguntzea autonomia garatzen, erantzukizunak eta erabakiak hartzen, eta berezitasun horiek ulertzen eta kudeatzen laguntzea, hala nola emozioen intentsitatea edo nortasunaren sorrera, haien gain dauden espektatiba guztiak kontuan hartuta.
Ez dugu ulertzen gaitasun handia arazo gisa edo berez sufrimendua sortzen duen zerbait bezala. Sufrimendua gaitasun handien pentsamendu-sistemak ezarritako gizarte-sistemarekin talka egiten duenean dator, eta helduek horren aurrean erantzuten ez dakitenean. Horregatik, oso garrantzitsua ikusten dugu inguruko helduekin ere lan egitea, helduek beren larritasunak eta beldurrak lantzea, tresnak eskuratzea, prozesu emozional horretan lagundu ahal izateko eta umeentzako euskarri izan ahal izateko; izan ere, eskola oso garrantzitsua izan arren, etxetik edo familien aldetik ere gauza asko egin ditzakegu.
Hilargi Macho, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko Kabinete psikopedagogikoa
.
Utzi zure iruzkina