Luisa 59 urteko emakumea da, Extremadurakoa jatorriz baina Gasteizen hazia. Luisa orain dela sei urte alargundu zen, eta bi seme ditu, bakoitza bere familiarekin.
Estu eta larri iritsi da EDIRENera, blokeatuta sentitzen delako. Azaldu du berrikitan gizon batekin irteten hasi dela eta oso gustura dagoela, baina harengana sexualki hurbiltzeko zailtasun handia duela.
Hasieran, kostatu egin zaio intimitateari buruzko gaiak azaltzea, baina pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartu du terapeutarekin, eta ordura arte inoiz kontuan izan ez dituen gauzez ohartzen hasi da. Berak beti esan du ezkontzan “oso zoriontsua” izan dela, baina saioetan zehar aitortu du sexualki ez duela inoiz gozatu. Horrek beldurtu egiten du, ez duelako bere burua gai ikusten bikotekide berriarengana hurbiltzeko, nahiz eta bera gizon maitekorra eta pazientzia handikoa izan, eta asko maite duen.
Zailtasun hori ez dio azaldu bikotekideari ere, eta, ondorioz, bien arteko harremanean txarto ulertzeak ugarituz doaz; izan ere, gizonak pentsatzen du, oker, emakumeak ez duela maite.
Apurka-apurka, Luisak emakumeen sexualitateari buruz duen informazio txarra azaleratu, eta sexualitatearen desmitifikazioa lantzen hasi da. Aldi berean, urte luzez bere buruari arreta gutxi eskaini diola agertzen hasi da. Bere burua gehiago zaindu eta mimatzearen atsegina ikasten hasi da.
Hala, prozesu terapeutikoan zehar, eta zeregin erraz batzuen laguntzaz, bere gorputza eta plazera berriz aurkitzen joan da. Gutxira, bere buruaz konfiantza nahikoa eskuratu duenean, bikotekidearekin hitz egin du eta bera, benetako egoera zein den jakinda, lasaitu eta emakumeari behar duen guztian laguntzeko prest azaldu da.
Luisak, lehen aldiz bizitzan, alboratuta eduki duen gozatzeko gaitasunaz arduratu da, beti inoren beha bizi izan baita, bere burua zaindu gabe. Gaur egun, bere buruarekin gustura eta bizitzarekin pozik dago.