Gizarte zerbitzuen erabiltzaileen profila, zerbitzu hauek eguneko zentroak edo egoitzak diren aldetik, aldatu egin da azken urteotan. Pertsona hauek dituzten arazoak dibertsifikatu egin dira hainbat arlori dagokionez: kultura eta jatorria, kontsumo edo adikzio
ereduak, dituzten patologiak, jasaten duten kalte fisiko eta mentala, e.a. Sarritan, bertan
artatutako pertsonek ibilbide luzea egin dute beste baliabide batzuetan, euren birgizarteratze prozesuek ez dute arrakastarik izan eta gorputz eta buru narriadura maila larrietara
iritsi dira.
Gizarte zerbitzuetan, exigentzia gutxiko zerbitzuen “birmoldaketa” deitu genezakeenera iritsi garela esan dezakegu. Gero eta inklusiboagoak izan eta estaldurak biztanleria
sektore guztietara zabaltzeko asmoz, gizarte-baliabideetan onartuak izateko irizpideak
malgutu egin dira, eta exigentzia maila jaitsi. Hori guztia erronka handia da exigentzia baxuko eta intentsitate altuko baliabide hauetan lan egiten duten profesionalentzat. Ohiko
bizimodura eta gizarte- eta hezkuntza-ekintzetara egokitzeko zailtasun handiak dituzten
pertsonekin batera bizi dira astean 7 egunetan eta egunean 24 orduetan. Hezitzaileek, nolabaiteko ezintasunez, euren rola hezitzailea baino gehiago asistentziazkoa dela sentitzen
dute. Profesionalaren eta erabiltzailearen arteko harremana ahuldu egiten da eta gatazkak
sortzea errazagoa da. Horren ondorioz, nahi baino gehiagotan, jokabide bortitzak sor daitezke. Ondorioz, profesionalengan akidura sortzen da eta, etsituta, euren osasun fisikoa
eta mentala ere ahuldu egiten dela ikusten dute. Aldatzen ari al da esku-hartze eredua?
Zein tresna dituzte profesionalek erronka horiei aurre egin eta erre edo gaixotu gabe jarraitzeko?
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Drogamenpekotasunen Negoziatuak
13 urte daramatza baliabide hauetan lan egiten duten profesionalentzat ikastaroak antolatzen. Ediren osasun-kooperatibak ematen ditu eta laguntza tresna horiek eman eta hainbesteko kalterik gabe eragingarriak izan daitezen bilatzen dute.
Ikastarootan baliabide horien barruan profesionalaren eta erabiltzailearen artean
sortzen den harreman dinamika lantzen da. Pertsona arteko lotura emozionala hartzen da
lan-tresna garrantzitsuentzat. Testuingurua hezkuntzakoa izan edo asistentziakoa izan,
pertsona artean sortzen den harreman estuak eragingo du, batez ere, esku-hartzearen
eragingarritasunean. Bereziki exigentzia gutxiko inguruneetan, garrantzitsuagoa da gauzak nola egiten ditugun zer egiten dugun baino. Egiteko moduak garrantzi handiagoa du
egiten dugunak baino. Sukaldean edo lantegian, erabiltzaileek leku emozional jakin batean
jartzen dituzte profesionalak, eta eurengan jartzen dute harremanetarako aurreikuspen
bat; horri deitzen diogu Transferentzia. Badirudi haien ama, polizia, lankidea edo neskamea naizela, esan ohi dute profesionalek ikastaroetan. Erabiltzaileak amaren lekuan jartzen banau, nigandik espero duen harreman mota ez da poliziaren lekuan jartzekotan sortzen den harreman mota. Erabiltzaileek profesionalengan jartzen duten “itxaropenak”
erantzun emozionalak sorrarazten ditu eurengan, eta horiek bat etortzen dira Kontratransferentzia deritzegun leku horiekin. Zilegi da psikoterapiaren esparru klinikoan urte askoan
aplikatzen ari diren kontzeptu horiek gizarte- eta hezkuntza esku-hartzeetara ere hedatzea
aipatzen ari gareneko ingurune hauetan, ezartzen diren pertsona-arteko loturak askoz estuagoak eta gatazkatsuagoak baitira gizarte- eta hezkuntza-esparruan esparru terapeutikoan baino.
Hezitzaileek galdera bat egiten diote euren buruari: Noraino inplikatu behar dut
emozionalki erabiltzaileekin? Horietako askorekin hamarkadak daramatzate egoera zailetan
elkarbizitzen eta inplikazio emozionala ekidinezina da. Asko inplikatzen banaiz, mina hartu
eta erre egiten naiz, eta distantzia hartzen badut gizatasuna eta eurengan eragiteko gaitasuna galtzen ditut. Zein da distantzia egokia, distantzia eragilea deritzona? Nola kudeatzen
ditut eurengana sentitzen ditudan era guztietako emozio indartsuak? Ez al naiz profesional
ona ezin baditut emozio horiek kontrolatu?
Sarritan ikusten dugu profesional berriak asko inplikatzen direla; askotan erre egiten
dira eta, urteak joan urteak etorri, kailu emozionala egiten zaie, hau da, babes ezkutu edo
oskol bat, etsipenean eta jasateko gaitasunean oinarritutakoa. Aipatutako ikastaroetan,
Transferentziaren eta Kontratransferentziaren irakurketa zein den erakusten dugu; izan
ere, hori da inplikatzea eta minik ez hartzea ahalbidetzen digun tresna. Emozioen kudeaketan, mainak indarrak baino gehiago balio du; ez da autokontrol kontua edo jasan behar
izatearena: ikasi egin behar da ulertzen erabiltzaileek non jartzen nauten eta ni, konturatu
gabe, non jartzen naizen, askotan hori gizarteak edo instituzioek jarritako rol baten menpekoa izaten baita.
Proposatzen duguna ez da lan erraza. Norbere inplikazio maila handia eskatzen du
eta prestakuntzarako eta gainbegiraketarako espazioak, eta horrek beti eskasa izaten den
denbora inbertsio handia eskatzen du. Lanbidearen eta norberaren planoak estuki nahasten dira. Hala ere, gure ustetan, baliabideen eguneroko jardunean inplikazio hori handia
izaten da, baina profesionalek “berez” egiten dute hori, kanpoko inolako laguntzarik gabe.
Irakurketa horiek egiten ikasitakoan, exigentzia gutxiko baliabideetan lan egiteak akidura
eta erresumin gutxiago sorrarazten du, eta norbere burua ezagutzeko eta pertsonalki eta
profesionalki aberastasun maila handiagoa lortzeko iturri on bat eraikitzen da. Lan honetan
jarduten duten, baina inoiz nabarmentzen ez diren, pertsona eta profesional handiak bertaratzen dira urtero ikastaro hauetara.
Enrique Saracho, psikiatra, psikodramatista, Ediren osaosun-kooperatibako zuzendari
teknikoa. Gasteiz, 2019/03/15
Gai honi buruzko kontsulta edo ekarpenen bat egin nahi baduzu, bidali mezu bat gure profesionalen taldeari: kooperatiba@ediren.com www.ediren.com
Utzi zure iruzkina