Marta 16 urteko neskatoa da, Batxilergoko 1. mailako ikaslea. Gasteizen jaio zen eta 10 urteko ahizpa dauka. Aitak 54 urte ditu eta irakaslea da; amak 50 urte ditu eta administraria da. Aztegietan bizi dira, Gasteiztik hamar bat minutura.
Amak EDIRENera deitu du, Martak eskolako emaitzetan beherakada izan duelako. Berak azaldu duenez, ez da ikasle txarra; guztiz bestela, nota onak atera ditu beti. DBHn bikainak lortzen zituen hasieran, baina gero beherantz egin zuen, pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta ez zuen ezer suspenditu. Alabaina, ikasturte honetan, Batxilergoko 1. mailan, lehen ebaluazioan bi irakasgai utzi ditu, eta beste bi bigarrenean. Ama oso kezkatuta dago, Marta nahasi samar dabilela-eta; Arreta faltaren ondoriozko trastornoa eta hiperaktibitatea (AOTH) duela uste du. Amak dio Martak unibertsitatera joan nahi duela, baina ez duela “nota nahikorik izango”.
Marta prest dago kontsultara joan eta ikasteko teknikak lantzeko, emaitzak hobetzeko asmoz.
Marta eta gurasoekin lehen bilera egin da. Psikologoari esan diote Marta beti izan dela txukuna eta ondo antolatua ikasketetan, beti arduratu dela bera, eta ez duela inoiz nahi izan gurasoek laguntzerik. Etxean ere baditu ardurak: bere logelaz arduratzen da eta guztionak diren zereginetan ere laguntzen du. Gurasoen menpe dago institutura autoz joateko eta asteburuetan lagunekin irteteko. Berak nahiago luke bizikletaz edo autobusez joan, baina gurasoen ustez, hori ez da ziurra, eta gai horrek eztabaida dezente eragiten ditu etxean. Gurasoek esan dute askatasun dezente uzten diotela Martari, baina berak oso gutxi hitz egiten duela eta azken unera arte ez diela esaten zer nahi duen.
Astean birritan eskola partikularretara joaten da, beste bi egunetan euskara ikastera, eta saskibaloian ari da, gainera. Gurasoek esan diote beharbada saskibaloia uztea komeni zaiola, denbora asko kentzen diolako, baina berak ez du nahi, “estresa arintzen diolako eta asko gustatzen zaiolako?. Horrek ere eragiten ditu eztabaidak etxean.
Larunbatetan saskibaloi-partidak izaten dituzte, eta arratsaldez lagunekin irteten da. Lagunak Marta baino helduagoak dira eta, beraz, bera baino beranduago itzultzen dira etxera. Horrek ere tentsioa eragiten du etxean.
Gurasoen esanetan, Marta burugogorra da, bat ere ez txeratsua, hotza eta bere baitan itxia. Txukuna da, zalantzatia eta bere buruaz nahikoa duena; ez dio uzten inori laguntzen. Ondo konpontzen dira berarekin, nahiz eta amarekin gehiagotan talka egin, galdera gehiago egiten dizkiolako. Harreman ona dauka ahizparekin, nahiz eta bat-batean eztabaidan hasi eta beste batzuetan munduko ahizpa maitekorrenak izan. Martari bakarrik egotea gustatzen zaio, eta ahizpa guztiz bestelakoa da.
Gero, psikologoa bakarrik gelditu da Martarekin. Psikologoak kontsultaren zergatiez galdetu dio eta Martak esan du asko estutzen dela ikasketekin, azterketetan zuriz gelditzen dela eta horregatik suspenditzen duela. Gainera, etxean are gehiago larritzen dute, esaten diotelako ez duela nahikoa ikasi. Hori guztia kontatu duen bitartean, Marta urduri eta larri dago, ahotsa dardarka eta begiak bustita ditu. Ezintasuna sentitzen duela esan du, berak ikasi egiten duela baina gero, azterketan, zergatik jakin gabe, den-dena ahazten zaiola. Gurasoekin ondo konpontzen dela esan du, baina eztabaidak izaten dituztela ikasketen inguruan, etxera itzultzeko orduaren inguruan, etab. Horri buruz hitz egitean urduri jarri da eta berriro ere ezintasuna aipatu du. Bere buruaz aritzean, Martak esan du burugogorra dela, zalantzatia, alaia eta nahiko lotsatia, batik bat ?gelan aurkezpenak egin behar direnean?.
Martari buruzko ahalik eta informazio gehien jasotzearren, psikologoa harremanetan jarri da institutuko tutorearekin. Elkarrizketa horiek eginda, eta azterketa kognitiboaren inguruko proba batzuk egin ondoren, psikologoak ikusi du Martak ez duela inolako arazorik testuak ulertzeko edo zereginak egiteko estrategien inguruan. Martaren arazoa da pertsona zalantzatia dela, eta asko exijitzen diola bere buruari. Dena ezin hobeto egin nahi du, eta hori lortzen ez duenez ezkutatu egiten da; egon daitezkeen hutsak estaltzeko, gutxiago hitz egiten du. Orain arte, ikasketei lotutako kontu guztiak ondo joan dira, neska langilea delako; baina nerabezarora iritsi denean, aldaketa garaia etorri da eta Marta konturatu da gauzak aukeratzen hasi behar dela, proiektu bat finkatu eta nortasuna eraiki behar duela. Horregatik, Marta larrituta eta beldurtuta dago.
Psikologoak psikoterapia-tratamendu indibiduala agindu dio, astean behin kontsultara etorrita, blokeatzen duen exijentzia-maila hori jaits dezan, huts egiteko aukera eskain diezaion bere buruari, den bezalakoa ager dadin, hutsekin eta bertuteekin, eta emozioak agerrarazi ahal izan ditzan. Halere, ez du guztiz baztertu saioren batean ikasketen kontua lantzeko aukera. Horretarako, EDIRENgo Psikopedagogia Bulegora bideratuko du, azterketak egiteko estrategiak ikas ditzan.